Caddy Adzuba, elkartasunaren Asturiasko Printze Saria

Entrevista Caddy Adzuba“Bizi duen garapena munduko beste lurralde batzuen zorigaiztoan eta pairatzen duten harrapaketan oinarritu izana zilegi ote den galdetu beharko lioke Europak ere buruari”

Abokatua, kazetaria eta Emakumeen eta Haurren Eskubideen eta Prentsa Askatasunaren aldeko ekintzailea da Caddy Adzuba. Elkartasunaren Asturiasko Printze Saria jaso zuen 2014an. Kongoko Errepublika Demokratikoa 1996tik gure egunotara arte, noizbehinkako su-etenaldi batzuk gora-behera, erraustu duen gatazka armatuaren lehen mailako lekukoa dugu emakume kongotar hau.

Hogeigarren urteurrena ospatu genuen egunetan gonbidatu genuen Caddy Adzuba, eta Kongoko ekialdeko emakumeek bizi duten egoerari buruz mintzatu ginen harekin.

Hitz egiguzu, Caddy, kazetari eta Giza Eskubideen aldeko ekintzaile gisa egiten ari zaren lanari buruz.

Okapi Irratian ari naiz lanean, bai eta Kongoko Ekialdeko Hedabideetako Emakumeen Elkartean ere. Irratian zuzenean aritzen den kazetaria naizen aldetik, jardun betean egiten dut lan Okapi Irratian –Nazio Batuek sorturiko katea da Okapi Irratia– giza eskubideen aldeko ekinarekin lotura duten gaietan, oro har, eta emakumeen eta haurren eta prentsa askatasunerako eskubideen aldeko lanetan, bereziki.

Kongoko Ekialdeko Hedabideetako Emakumeen Elkartetik, emakumeen eskubideen aldeko ekina bultzatzen ari gara bereziki, dituzten eskubideei buruz mintzatuz. Emakumeen adierazpen askatasunaz, berdintasunaren aldeko borrokaz eta sexu-biolentzia mota ororen aurka mintzatzen gara hain zuzen ere. Kazetaritzaren munduko emakumeek sortu zuten elkartea, sexu-biolentzia salatu eta agerian utziko zuen irrati-gunea eskaintzeko. Kongoko Errepublika Demokratikoko hedabideetan ez zegoen lakra honi buruz zabal eta sakon hitz egiteko aukera emango zuen gunerik. Berea eman nahi du Elkarteak emakumeen aurkako biolentzia errotik ezabatzeko ahaleginean. Landa-lanak, inkestak eta eztabaida-lanak prestatzen eta bideratzen ditugu hartatik, egoera aztertu eta soluzioak proposatzeko.

 

Caddy Adzuba

Nazioarteko mailan, kazetarien sareetan hartzen ari naiz parte. Hainbat lurraldetako emakume kazetarik sortu zuten sare hau, egoitza Granadan duena, eta lanean ari gara hartan, munduko emakumeei ahotsa emateko, haien egoera agerian uzteko eta mundu mailako politikan emakumeen aldeko moduak eta bideak bilatzen eta topatzen lagunduko duten esperientziak partekatzeko. Emakume gara guztiak, gatazka bizian dauden lurraldeetako kazetariak, hala nola Libanokoak edota Irangoak. Granadako Unibertsitateak antolaturiko tailer batean parte hartu ondoren erabaki genuen, 2008an, sare hau sortzea, eta gure helburua da, hain zuzen ere, gatazka armatuen mendean dauden herrietako emakumeen egoera nolakoa den ezagutaraztea.

Zein dira Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkaren arrazoiak?

Kongoko gatazka azaltzerakoan, ezin dugu arrazoi bakar batez hitz egin. Barneko ordena politikoarekin loturiko kausak daude, alde batean, eta herriaren nahiari erantzun nahi ez dion eta, sostenguak bermatzeko, talde armatuak sortu dituen gobernuaz hitz egin beharra dago alde horretatik. Baina kanpotik datozkigu, zalantzarik gabe, gatazka batez ere elikatzen ari diren kausak: hango mineraletarako tirria eta gutizia. Mineralen ustiaketa eta nazioarteko interes ekonomikoa. Gainera, mineral horien legez kanpoko trafikoaren bidez ari da Kongoko klase politikoa aberasten eta, hedabideren bat gai horri buruz ariz gero, arriskuan gertatuko dira bertan ari diren kazetarien segurtasuna eta bizitza. Elkarrekin lotua dago guztia.

Zergatik, gertaleku horren erdi-erdian betiere, bilakatzen da emakumea gerra-arma?

Hiltzeko erabiltzen dira armak. Tiro egin eta norbaiten bizitzari azkena emateko hartzen dugu fusila. Kongoko gerran, aurrera eraman beharreko estrategiak planifikatu zituztelarik, emakumeak hiltzeak gerra irabazten lagunduko zuela ohartu ziren. Kongon, komunitatearen bizitzaren erdialdeko muinean kokatzen da emakumea, haren eskutan baitago ekonomia ez formala. Afrikan, emakume bakoitzaren ondoan beste 20 pertsona egon daitezke, seme-alaba asko edukitzen baitituzte eta 55 urteetan amona bihurtuak baitira. Horrexegatik erabiltzen dituzte emakumeak gerra-armatzat, torturatzen badute ezin joango delako sorora lanera, ezin egingo duelako lan eta haren familia guztia arriskuan gertatuko delako. Horixe da gerraren logika: 40 bala erabili beharrean, bizitza asko suntsi daitezke tiro bakar batez.

Emakumearen mendean bizi da halaber gizona. Emaztea bortxatzen dutelarik, lur jota gelditzen da gizona. Emakumea sakratua da gure kulturan, eta bere emaztearen bitartez identifikatzen da gizona. Emakume bat sexu-biolentziaren helburu gertatu delarik, umiliatu izan delarik, lur jota gelditzen da gizona eta erraz manipula dezakete orduan.

 

Zein da Okapi Irratiak gatazkaren erdian jokatzen duen papera?

Bakearen irratia sortzea lortu dute Nazio Batuek Okapi Irratiaz. Nazio Batuen Erakundearen historian, bakearen irratia sortzeko hainbat saio eginak ziren ordura arte, han eta hemen, gatazka biziko lurraldeetan, baina ez zuten lortu. Kongon, aldiz, egin egin dugu.

Komunitatearen baketzea da irrati honen helburu bakarra. Bakearen aldeko ahaleginak dira, inolaz ere, gure programen bitartez eskaintzen ditugun saio guztiak, kultura nahiz politika arlokoak, bai eta emanaldi espezializatuetan ere, horra medikuntza arloko programak. Erakunde politikoen eta komunitatearen arteko transmisio eta truke korrontea bilakatu zaigu dagoeneko Okapi Irratia. Kongon, agintari politikoek goragoko mailakotzat dute beren burua eta ez dute herriarekin zuzenean hitz egiten. Herriak agintari horiei zerbait azaldu edo planteatu behar dienean, galde horien lekuko bihurtzen da Okapi Irratia, bere egiten ditu Okapi Irratiak galde horiek, eta agintariengana jotzen du ondoren, erantzun dezaten. Alderdikeriarik gabe jokatzen dugu hori guztia bideratzerakoan, alde guztiek, bai eta oposiziotik ere, parte hartzeko modua izan dezaten ziurtatuz. Horrexegatik da gurea jende guztiak segitzen duen irratia.

Oztoporik topatu ote duzue instituzioen aldetik?

Jakina. Errepublikako Presidenteak ez du balantzerik egiten, ez die herritarrei kontuen berri ematen. Parlamentuak ez du hautesleekin hitz egiten, eta ministroek ez dituzte kontuak herriaren aurrean agertzen. Batere erraza ez da, beraz, Okapi Irratiarentzat transmisio korrontea izatea… oso zaila da, egia esan, enbarazu sorrarazten duten gaiak lantzen ditugulako. Halako aurrekontua zergatik onartu duten galdetzen diegu, balantzeak eskatzen dizkiegu… Zergak ordaintzen ditugu, baina ez dago eskolarik, ez urik, ez argi-indarrik. Okapi Irratian herritarren salaketak jasotzen ditugu, eta salaketen gertalekuetara joaten gara ondoren egoera zertan den ikusteko. Salaturiko egoerak egiaztatu eta gero jotzen dugu agintariengana, jendearen kexuak helarazteko eta eginiko ikerketa horien berri emateko. Haserreak piztu ohi dituzte gai horiek eta arazoak izaten ditugu, kazetari garen aldetik. Bi emakume lankide hil dituzte gaurgero eta mehatxuen biktima gertatu naiz neu ere: Kongo utzi behar izan nuen hiru hilabetez arrazoi horiengatik.

 

IMAGEN MUJERES Congo

Europarrok ere erantzukizuna dugu Kongo Errepublika Demokratikoko gatazkan. Gizarte zibil gisa, zein paper jokatu beharko genuke gatazka horretan?

Aurren-aurrenik, Europako, Mendebaldeko, garapenaren oinarria zein izan den eta den galdetu beharko lioke jendeak bere buruari. Nondik lortzen ditu Europak bere garapenerako baliabideak? Galdetu beharko luke gizarte molde batzuen garapena beste batzuek bizi duten zorigaiztoan eta pairatzen duten harrapaketan oinarritu izana zilegi ote den. Sufrikarioan bizi diren beste gizarte batzuen egonkortasun, ekonomia eta garapenaren ordainekoak dira zuen garapena, bakea eta bizimodu lasaia, zuengan ere zenbaitetan eragina duten krisi estruktural eta gatazka txiki guztiengatik ere. Garaia da, nik uste, gatazkan bizi diren herriekiko zor hori ordain dezazuen, Europak bere baliabideak haietatik lortzen dituen aldetik.

 

 

Leave a reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This Campaign has ended. No more pledges can be made.