Gehiago jakin nahi dut - Gatazkarik Gabeko Teknologia - Alboan

1. Mugikor baten benetako prezioa

Kostu ekonomikoaz gain, mugikorrek gizarte- eta ingurumen-kostuak ere badituzte; baina horiek ez dute eraginik prezioan.

Mugikor arrunt batek 500-1.000 osagai ditu. Osagai horiek erauzteak eta prozesatzeak 75 kg hondakin sortzen ditu telefonoko, gutxi gorabehera. Elementu horietako batzuk baliabide garestiak eta urriak dira, eta lotura dute gizarte- eta ingurumen-gehiegikeriekin.

Horren adibide da tantalioa lortzea –koltan izeneko mineraletik erauzten da–. Mineral horren munduko erreserben % 80 Kongoko ekialdean dago, eta hura ustiatzeak eragiten du giza eskubideak urratzea, ingurumena suntsitzea eta eskualde hartan dauden gatazkak finantzatzea.

Europan, dauden mugikorren % 40 inguru berritzen da urtero; Espainian bakarrik, 18 milioi mugikor, gutxi gorabehera. Aparatu baten balio-bizitza 10 urte ingurukoa bada ere (bateria kenduta), hura urte eta erdi eta bi urte eta erdi bitarte erabiltzen da, batez beste.

Gehiegitan berritze horrek zenbait arrazoi ditu: publizitatearen presioa, modak, aldaketa estetikoak edo etengabe funtzionalitate berriak gehitzea. Gainera, konponketen eta osagai kaltetuak erostearen prezio altuak edo telefonoak funtzionalitate berriekin birprogramatzeko ezintasunak are gehiago sustatzen dute aparatua aldatzea. Mugikorrak arduraz erabiltzeak eta, hala, haien balio-bizitza luzatzeak lagundu dezake Kongon mineralak erauzteak duen eragina murrizten.

Baina, mugikorrak ekoiztearen ingurumen- eta gizarte kostuaz gain, eta aparatuak gehiegitan berritzeaz gain, badago beste arazo bat ere: hondakin elektronikoen bolumena eta toxikotasuna.

Arazoaren tamainaz jabetu gaitezen, Europako biztanle bakoitzak 14 kg hondakin elektroniko sortzen ditu urtean, batez beste. Basileako itunak debekatu egiten duen arren, hondakin horietako asko Afrikako eta Asiako herrialdeetara bidaltzen dira bigarren eskuko merkaturako produktuak balira bezala, eta zabor teknologikoaren zabortegi handietan bukatzen dute. Zabortegi horiek ingurumena suntsitzen dute, eta ondorio larriak dituzte zabortegi horiek dauden herrientzat, haien bizi- eta osasun-baliabideak suntsitzen baitituzte.

2. Kongoko iheslariei eta errefuxiatuei laguntzea eta haien eskubideak defendatzea

ALBOANen eta Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuaren proiektuak.

Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdea krisi humanitario, sozial, politiko eta ekonomiko batean murgilduta dago. Urtero-urtero, larriagotu egiten da, eta tokiko nahiz eskualdeko talde militar eta matxino armatu ugarik hartzen dute esku guneko baliabide naturalak eta mineralak kontrolatzeko.

Ziurgabetasun- eta ezegonkortasun-testuinguru horretan, Kongoko ekialdeko Iparraldeko Kivu probintziako herriek indarkeriatik ihesi ibili besterik ez dute egiten. Kalkuluen arabera, 2013ko irailerako 2 milioi lagunek baino gehiagok utzi zituzten beren etxeak. Haietako askok laguntza humanitariorik ez duten bat-bateko asentamenduetan bizirauten dute, ez baitute Nazio Batuen agentzien aitorpenik, ez babes ofizialik.

Ihesi joan diren pertsona horiek egoera kaskarrean eta oso zailean daude: ez dute nahikoa elikagai, ez dute diru-iturririk, ez dute hezkuntzarako sarbiderik, hainbat lekualdatzerengatiko eta jasandako indarkeriagatiko trauma psikologikoak dituzte, eta zailtasunak dituzte segurtasun-baldintzetan bizitzeko, besteak beste.

Ihesi joan diren emakumeak

Gazte eta nerabeen hezkuntza

ALBOANek, Euskadi eta Nafarroako jesuiten GKEak, Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuari (JRS) laguntzen dio Goman, Iparraldeko Kivuko hiriburuan, esku hartzen, eta premia horiek guztiak asebetetzen saiatzen da. Horretarako, zazpi kanpamendutan banatutako 156.000 laguni ematen die arreta, gutxi gorabehera.

Leku horietan, JRSk hainbat zerbitzu ematen dizkie ihes egin duten herritarrei; besteak beste, elikagaiak eta larrialdiko materialak, hala nola mantak eta txabolak eraikitzeko olanak. Kanpamenduetako hezkuntzaz ere arduratzen da; horretarako, bigarren hezkuntzako eskolak hornitzen ditu ikasle iheslariak hartzeko, sentsibilizazio-jarduerak egiten ditu gurasoen artean seme-alabak eskolara eraman ditzaten, eta irakasleak trebatzen ditu. Beste zerbitzu aipagarri bat da indarkeriaren eta lekualdaketaren ondoriozko traumak jasan dituztenei ematen dien laguntza psikosoziala. Bereziki garrantzitsua da emakume bortxatuei ematen zaien arreta psikologikoa.

Azkenik, JRSk alfabetatu egiten ditu, lanbideak erakusten dizkie eta lan-tresnak banatzen dizkie kanpamenduetako herritarrei, haiei lanpostu bat aurkitzen laguntzeko, eta denboran iraungo duen diru-iturri bat bermatzeko.

3. Baliabideak

Erlazionatutako dokumentuak

Baliagai Naturalen eta Gatzaken arteko loturak apurtu Artisau-Meatzaritza Ekiialdeko Kongoko Errepublika Demokratikoan Isiltasuna eten da Kongoko gatazka-mineraleei buruzko erabateko ikuspegia

Dokumentalak

Gatazka Mineralak – Enough

Leopoldo Erregearen Meategiak

“I am Congo” bideoaren seriea

Aurkezpena

Giza Eskubideen abokatua

Artista

Dinamizatzaile komunitarioa

Ekologista

Aktibista

This Campaign has ended. No more pledges can be made.